Aurkezpena

Ustekabeko tren istripu batean neska gazte bat harrapatzen dute zirkunstantzia arraro samarretan, eta horrek komunitate osoaren bizitza hankaz gora jarriko du. Hartutako kolpearen ondorioz, ikaskideen artean diziplinarik eza era kezkagarrian hedatuko da: batzuk lur jota geratuko dira, beste batzuek eskola utziko dute… Neskaren irakasleek zer egin ez dakitela begiratuko diete gertaerei ikastetxeko eguneroko bizitza aztoratu duen hunkipena kudeatzeko baliabide eta estrategiarik gabe aurkitzen direlako.

Benetako gertaera batean oinarritutako ikuskizun honekin gazte eta nerabeak galeraren fenomenoaren aurrean eta bereziki heriotzaren aurrean jarri nahi ditugu, aitzakiarik gabe, non hasierako zirraren ondoren dolua egoki igarotzea ezinbestekoa den indartuta ateratzeko.

Pedagogo eta hezitzaileek baieztatu digute gazteekin hausnarketa hau egiteak duen garrantzia heriotza ospitale eta hilerrietan zokoratuta geratu den garai batean, izan ere helduok gehiegi babesten ditugu nerabeak edozein gertaera mingarriren aurrean, heriotzaren inguruko edozein hausnarketa saihestuz noski, eta ondorioz heriotza beren bizitzan bat-batean azaltzen denerako sendotasunez aurre egiteko behar dituzten tresnarik gabe utziz.

Bizitzarako heztea eguneroko nahiz ezohizko gertakariei aurre egiteko heztea da, bi aurpegi –nahigabea eta poza, arrakasta eta porrota- dituen bizitzarako heztea hain zuzen ere. Ezinbestekoa da norberak bere bizitzari zentzua ematea, eta heriotzak izaki mugatuak egiten gaituela kontuan izatea. Honetaz jabetzeak gure bizitzaren protagonista izateko nahia izaten lagunduko digu, eta orain aldia bizitzeko grina izatera. Bizitza ez da erreza, baina merezi du bizitzeak.

Maite den norbait hil ondoko doluaz gainera, ikuspegia zabaldu eta gazteek bizitzan jasan ditzaketen beste galera batzuk ere azaltzen ditugu: lehen porrotak maitasunean, norbere jatorrizko hiri edo herrialdetik atera beharra, gurasoen banantzea, nerabezaroko aldaketa fisiko eta emozionalak… galera esanguratsuak guztiak ere, benetako dolu-prozesu batetik igaroko balira bezala gainditu beharko dituztenak.

Hausnarketa honek, gazteei, helduen munduan sartzen direnean, itxaropen eta aukerak galdu izanaren eraginez jasan beharko dituzten frustrazioz eta porrotez beteriko uneak gainditzeko baliabide intelektual eta emozional eraginkorrak eskainiko dizkielakoan gaude.

Gazteentzat egin ditugun ikuskizun guztietan gertatzen den bezala eszenaratzearen tonu ausartak eta mintzaira zuzenak publiko berezi honen arreta erakartzeko ezinbesteko konplizitatea lortuko du, proposatutako gaien inguruko hausnarketa ireki eta batez ere sortzailea eraginez.

“JAUZI HIRUKOITZA”, 14 urtetik gorako gazteei zuzendutako ikuskizuna da, euskaraz eta gaztelaniaz aurkeztuko da eta ikasgeletan hausnarketa eta eztabaida eragingo duen material didaktiko eta ikus-entzunezkoaz osatuta aurkeztuko da.

Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren babesari eta Vitoria- Gasteizko Udaletxearen lankidetzari esker egin ahal izan da.

TALDE ARTISTIKO ETA TEKNIKOA

Antzezleak: Iker Legarda, Eneritz García eta Beñat Aristi

Argi eta soinu-teknikaria: Fer Pérez

Argien diseinua: Tom Donnellan eta DANOLUX

Eszenografiaren diseinua: TAUPADA MULTIMEDIA

Eszenografia gauzatzea: ESKENITEK, S.L.

Soinu-banda eta ikus-entzunezkoak: TAUPADA MULTIMEDIA

Koordinazio teknikoa: Carmen Di Bella

Administrazioa: Zurine Martín

Produkzioa: Maite Leanizbarrutia

Web Orrialdea: ALMA DIGITAL

Publizitatea: TAUPADA MULTIMEDIA

Testuak: María Velasco

Euskarazko Bertsioa: Julia Marín

Zuzendari-laguntzailea/ koreografia: Eguzki Zubia

Zuzendaria: Miguel Olmeda

Gure esker ona Belén Nevado, Nando de la Casa eta Maien Boixi, azken honi Swing-aren koreografiagatik.