pisalaraya

 

 

 

Aurkezpena

Gazteentzat egindako antzerkia

Pikorren beti egin izan dugu era guztietako publikoari zuzendutako kale eta areto antzerkia.

Gure emanaldietan giroa ‘berotzen’ zenean, gazte eta helduei zuzendutako antzezlan bezala aurkezten genuen, hala ere, ikuskizuna zein publikorentzat zen galdetzen zigutenean ezin izaten genuen zehaztu zein adinetarako zen.

Ikus-entzule gazteak erabat ezezagunak ditugu. Bai pedagogoek bai gurasoek nahasita hitz egiten dute gazteen nortasun zakar eta despotaz, beraien depresio eta ezegonkortasunaz, azken finean, beraien diziplinarik ezaz.

Sarritan entzun dugu oso zaila dela gazteentzat ikuskizunak programatzea, badirudielako ez zaiela ezer interesatzen, gauza guztiez paso egiten dutela eta gauza denekin aspertzen direla. Agian barruan borborka dituzten emozio eta hormonez zuzenean hitz egiten dieten ikuskizunak nahiago dituzte; paternalismorik gabe, moralkeriarik gabe, beren hauskortasuna eta esperientzia berriak lehenengo aldiz bizi izatearen lilura irmotasunez islatuz.

Garai hauetan, ume izateari utzi dioten 13 urtetik gorako gaztetxoak ez dira kontuan hartzen antzerkiko ikus-entzule bezala, horretarako arrazoi argirik ez dagoelarik. Guraso eta hezitzaileen zalantzak, dramagile eta antzerkigileen zalantzei gehitzen zaizkie eta ondorioz hutsune galanta antzematen da adin hauetara zuzendutako antzerki programazioei dagokienez. Gainera ez dira falta gazteak dagoeneko helduak direla argudiatuz, beraiei zuzendutako programazioa goitik behera deskalifikatzen duten kultura programatzaile eta teknikariak.

Ziurrenik badaukate arrazoi apur bat, eta hemen dago gakoa: gazteek ez dute helduengandik bereizi nahi, hau da, tratu bera eskatzen dute; hala ere, gazteengana heltzea zailagoa da, zorrotzagoak direlako, biziagoak, ez hain arrazionalak, bihotza edo gibela ukitu behar zaie. Eta hori ez da batere erraza.

Gazteak bideo-kliparen kulturara, mezuak abiadura handiz bidaltzera, irudi-segida baten iradokizun eta eraginetara ohituta daude. Berariazko publikoa da, beren kode eta eskakizunak dituzte; publiko berezia da, baina heldutzat hartu behar ditugu eta hortxe dago koska.

Drogen inguruan egiten dugun hausnarketa eta drogek gizakiarekin daukaten harreman sutsua era baikorrean tratatu nahi dugu, gazteen artean eztabaida sanoa eragiteko helburu bakarrarekin.

Baina gaiaren alderdi ilunez ere hitz egin beharra dago eta hau komikotasunaren bidez egiten dugu hain zuzen ere: menpekotasunarekin zerikusia daukaten alderdiez, fenomeno arriskutsua baita, batez ere nerabezaroan eta gaztaroan, non sineskortasunak eta kemenak elkarren aurka borrokatzen duten, eta ikasketa eta gizarteratze prozesuak moztuta gera daitezkeen eta ondorio larriak eragin gazte bakoitzaren formazioan.

Antzezlana

“Kronopioek gustukoen dituzten kantuak kantatzen dituztenean, hainbeste berotzen dira ezen sarritan ez dute ezer egiten kamioilariek edota txirrindulariek harrapa ez ditzaten, leihotik erortzen dira eta poltsikoetan daramatena galtzen dute, baita egunen joana ere.”

JULIO CORTÁZAR. “Historias de cronopios y de famas”

“ZAPALDU MARRA” areto ikuskizuna da, 14 eta 21 urte bitarteko ikusle gazteei zuzendua. Drogen arazoa… Hemen korrika ez dabilena hegan doa, norberak bere burua salba dezala eta hori ez ziguten eskolan irakatsi, edo bestela bultzadatxo bat ematearena, bai gizona… kafea, koñaka eta purua, zure aitak esaten zuena. Mundu guztiak heltzen dio zerbaiti… edo ez…

Sketch ezberdinen bidez eta modu dibertigarri batean gazteen artean ohikoak diren egoerak antzezten ditugu: droga lehenengo aldiz probatzea; lagunartearen presioa modako drogak kontsumitzerakoan edota araua haustearen urduritasun eta beldurra. Baina beste zenbait gai ere izango ditugu hizpide: drogak errealitatearen ihesbide gisa; gazteen ohituren ezaugarri den kontsumo amorratua; nahia eta etsipena; menpetasuna; eta baita droga legal eta ilegalak bereizten dituen iruzurra; aizuna, eta batez ere, gaiaren inguruko ezjakintasunak eta informazio ezak droga kontsumitzaile ororengan sortzen duen arriskua ere.

Ikuskizuneko pertsonaiak ere gazteak dira eta umorez landuko dituzte drogei, beren erabilerari eta gehiegikeriari buruz dituzten zalantzak, pasioak eta beldurrak.

Ikuskizuna komikotasunaren eta absurduaren bidez iritsiko da gazteengana. Hizkuntza zuzena erabiliko da eta denetariko pertsonaiak islatuko dira, elkarren artean ondo kontrastatuak. Modu bizian igaroko dira pasarteak, bakoitza hizkuntza dramatiko ezberdinean, objektu eszenografikoekin eta argiarekin modu berezian jokatuz; eta guztiak lau aktoreen arteko koreografia trinkoa indartzeko balioko du.

Gaztela eta Leon, Gaztela-Mantxa, Teatralia (Madrileko Erkidegoa) eta Euskadiko zirkuituetan programatu da, eta Eusko Jaurlaritzako Drogamenpekotasunerako Zuzendaritzak, eta Musika eta Arte Eszenikoen Institutu Nazionalak diruz lagundu dute.

Ikuskizuna Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko prebentzio teknikariek egindako material didaktikoarekin eskaintzen dugu, antzezlana ikusi ondoren ikasgeletan edo elkarteetan gaia lantzen jarraitzeko.

“ZAPALDU MARRA”, norbere ardura eta zentzu kritikoa drogamenpekotasunaren prebentziorako politika eraginkorretarantz bideratzea helburu duen proposamen dibertigarri eta freskoa da. Eztabaida mahai gainean dago.