qtmeto

 

 

Aurkezpena

- Aurrekariak

2001.eko urtarrilaren 14an Pikor Teatrok 13 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzendutako lehen antzezlana estreinatu zuen Agurainen (Araba): “TACTO CON TACTO”/ “IKUTUZ IKUTU”. Ikuskizun hau Arabako HIESaren Aurkako Batzordearen enkarguz sortu zen, Arabako Vital Kutxaren diru-laguntzarekin, eta lurraldeko institutuetako ikasleen artean eztabaida eta informazio kanpaina baten ardatz izateko asmoarekin. Antzezlana 2003ko abendura arte taularatu zen Euskadi eta Espainiar Estatuko udalerri ugaritan.

Gazteen artean izan zuen harrera onarekin pozik, eta prebentzio arloko teknikari askoren eskaerekin animatuta, “PISA LA RAYA”/ “ZAPALDU MARRA” ekoiztu genuen eta 2003ko urrian estreinatu: 14 eta 21 urte bitarteko gazteei zuzendutako ikuskizuna.

“ZAPALDU MARRA” drogei buruzko antzezlana da, drogek –batzuk zein besteek- dakartzaten arazoen ingurukoa. Era dibertigarrian eta sketch ezberdinen bidez gazteen artean ohikoak diren egoerak antzezten ditugu: “droga” bat probatzen den lehen aldia; taldearen presioa, modan dauden drogen kontsumoaren inguruan; arauak hausteak dakarren urduritasun eta beldurra. Eta ondoko honetan ere sakontzen dugu: drogak errealitatetik ihes egiteko bide bezala, gazte ohituretan ematen den kontsumo amorratua…

Ikuskizuna Gaztela eta Leon, Gaztela-Mantxa, Aragoi, Teatralia (Madrileko Erkidegoa) eta Euskadiko zirkuituetan aurkeztu da besteak beste, eta Arte Eszenikoen eta Musikaren Institutu Nazionalak (INAEM) eta Eusko Jaurlaritzako Droga gaietarako Zuzendaritzak diruz lagundu zuten.

“ZAPALDU MARRA” antzezlanarekin ikusle gazteen berotasunaz gain –hain zuzen ere, gure istorioetan beren burua argi eta garbi islatuta ikusi zuten- guraso, irakasle eta teknikarien onarpena ere lortu genuen, eta hauek hirugarren ikuskizun bat egitera animatu gintuzten: “JOKOAUT”, 13 eta 18 urte bitartekoei, nerabezaroko hormona eta emozioen nahaste-borrastearekin ‘borrokan’ ari diren gazteei zuzenduta.

“JOKOAUT! ikuskizunarekin gazte-indarkeriaren gehitze ikaragarriaren arazoari (benetakoa edo gezurrezkoa) heltzen diogu orokorrean, eta eskola jazarpena edo “bullying” deritzana aztertzen dugu bereziki, gure inguruan gorantz doan fenomenoa baita komunikabideen arabera. Ikuskizun honekin bizi garen gizarte “bortitzaren” inguruko eztabaida proposatzen dugu gazteen artean, elkarrekin elkartasun eta tolerantzia gehiagoz bizitzeko aukera interesgarria planteatuz.

Ekoizpen honekin gazteen eta hauei arriskuak eragiten dien erakarpen irrazionalaren inguruko ikuskizunen trilogia osatzen dugu. Tresna pedagogiko eraginkor bihurtu diren ikuskizunak dira, gazteekin eta beraien errealitatearekin zuzenean konektatzea ahalbideratu dutelako, eta beraiekin gai tabuez edo guraso eta irakasleei zail egiten zaizkien gaiez eztabaida irekitzea erraztu dutelako.

- Ikuskizuna

“Eta haurrek oihukatzen zuten: Belarrihandi! Dumbo!… Hasi hegan egiten!

Juulek urrutiraino hegan egin nahi luke, inoiz ez itzultzeko. Bi tirakada amorratu indartsuz belarriak erauzi zituen Juulek”

(“Juul”. G de Mayer / K. Vanmechelen)

Areto ikuskizuna, lau antzezlerentzat egindakoa (bi neska eta bi mutil). 13 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago eta euskaraz zein gaztelaniaz antzeztu daiteke.

Tonu eta diskurtsoagatik gazteentzat egindako ikuskizuna den arren, gaia modu zuzen eta ausartean lantzen duenez, ziur gaude publiko helduari ere interesatuko zaiola. Indarkeria -ikuskizunaren ardatz tematikoa- edonoren disko gogorrean grabatutako jokabidearen mekanismoa baita.

Gazteentzat egin izan ditugun ikuskizun guztietan gertatzen den bezala, ekoizpen berri hau ere erritmo azkarrarekin eginda dago eta bata bestearengandik bereizita dauden eszena-segida baten oinarritzen da, honek dramagintza aldetik askatasun handia emango digu, eta era berean eszena bakoitza proposamen plastiko eta hizkuntzazko ezberdin batetik eraikitzeko balioko digu.

Gazteen arreta mantendu nahi badugu ezustea, barietatea eta kontrastea landu beharko ditugu, izan ere, bideo-kliparen kulturarekin, mezuak abiadura handiz transmititzearekin ohituta daude.

Komikotasuna eta absurdua antzerki-baliabide bezala erruz erabiliko dira eszenak egiterakoan, igortzen den mezuaren moralitatea erlatibizatzen laguntzen dutelako eta ikusle bakoitzaren irakurketa pertsonalizatua ahalbideratzen, bakoitzak izan duen esperientziaren arabera.

Hezitzaile ugarik baieztatu digu ezinbestekoa dela baliabide berriak sortzea gazteekin indarkeriaren gaia lantzeko, 12 eta 15 urte bitarteko gazteen artean (bereziki mutilen artean) “bullyng” deritzana, hau da, eskola-jazarpena, hedatuta dagoelako eta nabarmen igo delako gertaera horren inguruko salaketa-kopurua eta baita kasu horiekiko sentiberatasuna ere.

“JOKOAUT! ekoizpenarekin bete-betean sartzen gara eskolako erasoen gaiari buruzko eztabaidan, baina baita gizarte harremanetan edonon agertzen den bortizkeria orokorraren gaian ere. Izan ere, gizarte bortitzean bizi gara, historia bortitza izan duen eta aurrerabidea bortizki baino ulertzen ez duen gizartean.

Ikuskizun honetan helduen munduaren bortizkeriari buruz hitz egingo dugu, gazteek nola ulertzen duten aztertuz; komunikabideek transmititzen duten bortizkeriari buruz ere jardungo dugu, gazteek hura nola harrigarriro irensten duten ikusteaz batera; eta objektu eta animalien kontrako bortizkeriaren eta irainen ankerkeriaren inguruan ere arituko gara.

Biktimen bakardadeari buruz gogoeta egingo dugu, eta jazarpen ekintza ororen inguruan ezartzen den isiltasunari buruz, lekukoek, ia beti, nahiago baitute isiltzea.

“JOKOAUT! ekoizpena hezkuntza-teknikariek landutako material didaktikoak osatzen du. Material honek muntaia ikusi ondorengo eztabaida bideratzeko estrategiak eskaintzen ditu. Ikuskizuna 13 eta 18 urte bitarteko gazteentzako aproposa da, eta euskaraz zein gaztelaniaz antzez daiteke

logo2013

gobierno_vasco2

gobierno_vasco3