Sinopsia

Zahar-etxetik ihes egin duten bi adineko emakume herriz herri eta kalez kale dabiltza, txundituta bezala, alde batetik bestera, bietako bata gurpildun aulkian. Egoitzako zaintzaileak beraien bila dabiltza, baina amonek dagoeneko hartu dute erabakia; beraiek ez dira bazterrean uzten den traste zahar horietako bat, badituzte oraindik betetzear dagoen agintzari eta ametsik, eta guzti hori betetzeko ordua iritsi delakoan daude.

Itxuraz makalak dira, baina joaten diren leku guztietan sortzen dute nahasmena, aske sentitzearen ondorioz euforiko daude eta beren adinerako pentsaezinak diren balentriak egingo dituzte mundu guztiaren aurrean. Autonomoak izan nahi duten arren, ezinbestekoa dute laguntasuna, publikoaren beharra eta ikusleen konplizitatea bilatuko dute beraien azken dantzarako.

“Atsoak Dantzan”, itsasoa ikusi nahi dute eta “arriskutsuak izan daitezke” diote zahar-etxeko arduradunek herri guztian zehar jarri dituzten kartelek.

Gure zaharrei eskainitako omenaldia da; aitona-amona zoriontsuei, ametsez beteei, beti mundua konkistatzeko prest daudenei, trufariei, bizitza trago luzeetan edaten dutenei.

Ordubeteko ikuskizuna. Egunean bi emanaldi egin daitezke.